Make Donosti Great Again
Donostiarrismoa bizi-–kalitatearekin piripi izate horren eta etengabeko sindiosaren artean etengabe eztabaidatzen den zera hori da. Gauza bat ez denean, beste bat da —beta dago zeozer—, eta gero etorkizuna dago, ezer errespetatu gabe, bapatean eta abixau gabe gainean duguna.
Kostata —izan ere, ez dugu lortu— hurrengo puntu hauek «jainkoak agintzen duen bezala» eta/edo «bizitza osoko» hitzak aipatu gabe idazten saitu gara.
- Bellas Artes aretoa berrirekitzea, bere garaian proiektatua izan zen bezala, zinema mutuko emanaldietarako, zuri–beltzean, piano–jotzailearekin… eta existitu aurretik iada Zinemaldira joaten zirenen gozamen esklusiborako bakar–bakarrik.
- Berroneratze arkitektonikoa. Ongi eta polit baino ez eraikitzea.
- Ez etxebizitza turistikoei eta Airbnb-i, ez baitu Donostiaren ideiarik ere, eta, gainera, ez da bizitza osokoa, ez da hemengoa, eta ez da ezer.
- Kalitatezko turismoa: kulturala, gastronomikoa, errespetuzkoa eta kosmopolita, baina, batez ere, gurea estimatzera datorrena, gentrifikatzen ez duena, itxura onekoa eta balkoietan toallak zintzilikatzen ez eta dirua uzten duen hori eta, batez ere, donostiarrari duela berrogei urteko hiriaz gozatzen uzten diona.
- Errege Familiak, goi mailako gizarteak eta Espainiako eta Europako aristokrazien uda egonaldiak itzultzea, eta Alde Zaharra hemengooi, «probintzikoei» — bigarren egoitzetakoei — eta madrildarrei bakarrik uztea.
- Toldoak. Donostiako familia batzuen bizitza pentsaezina litzateke sozializazio–espazio hori gabe. Ondarretako Harriak bezain funtsezkoak, haien presentzia deserosoa nahiz desagertze kezkagarria ezinbesteko dira donostiarrarentzat kexatzeko orduan.
- Askaria hondartzan lasai–lasai jateko eskubidea, kaioek lapurtu gabe… eta are gutxiago kanpoko kaioak badira.
- Merkataritza. Merkataritza ona besterik ez. Eta berriz ere ostalaritza–eredu sendo eta bizi guztiko batera itzultzea, sentiberatasunik eta bestelako bitxikeriarik gabeko.
- Jazzaldian jazz programazio esklusiboa. Ez edonolako jazza, baizik eta jazz–jazz. Hamabostaldiko kontzertuetan berriro eztul egin ahal izatea. Zer izango litzateke eztulik gabeko Hamabostaldi bat?
- Edozein motatako pandemiaren kontra gaude erabat. Larrialdi horiek ez digute inolako onik egiten, zuzenean gure sustraietara jotzen baitute: San Tomas eguna, San Sebastian eguna, Kaldereroak, Kontxako Estropadak…
- Kontxa berriz ere futbol atezainen harrobi oparoa izatea —Esnaola, Artola, Urruti, Arconada…—, eta horietako hiruk gutxienez Eurokopa baterako Selekzioaren deialdi batean berriro bat egin ahal izatea, 1980an bezala.
- Bi Liga jarraian eta lehen Superkopa irabaztea, eta denboraldi guztietan Reala orduan bezala jaztea.
- Metrorik ez. Ez da inoiz metrorik izan eta ez da ezer gertatu. Ez dugu behar, eta ez dugu inoiz beharko.
- Bai, hiri osoan zehar —autoz, jakina— libre ibili ahal izateari, inolako traba eta bidegorririk gabe. Txirrindulariek ez ditzatela semaforo guztiak gainditu, ezta berdean daudenak ere.
- Donostiako «SS» matrikula berreskuratzea, hemendik kanpo gabiltzanean, kaletik gurutzatzen garenean agian agurtzen ez ditugun beste gipuzkoar horiei, bekain altxatze txikiaren agurtzeko moduaren baliokide gisa, klaxona jotzeko .
- Family, itzuli ia!
… eta, Jainkoarren, berriro euria egin dezala, lehen bezala.